XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Guztiz egoki eta beharrezkoak, bukatzeko bulgarismoaren kontra ultraherrikoi agertu nahi duten batzuen kontra Lourdesek egindako oharrak.

Hiru ikertzaileren eskutik etorritako lanak, berriz (Nekane Jausori, Iñaki Martinez de Luna eta Andres Davilaren Gazte donostiarren hizkuntzarekiko harremanak izenekoa), lan garrantzitsua da. Hauxe hasteko. Eta ez da alderdi on txikia honelako lanetan.

Oso adin-multzo adierazgarria da hautatutakoa (16 eta 19 urteen arteko gazteena), eta oso hiri adierazgarria ikertua: Donostia.

Ikerkuntza lan hori nekez labur bil liteke lerro gutxitara, bere funtsezko aberastasuna murriztu gabe.

Lan hori patxaraz irakurri behar da, patxaraz edoski, eta patxaraz irakatsi. Ikastekorik eta kontutan hartzekorik asko baitago.

Jarreren sailkapen hirukuna oso adierazgarria da; eta are adierazgarriagoa, agian, hiru jarrera eredu kardinal horien eta eskola-ereduen artean aurkitzen den lotura hertsia.

Kontrako diskurtsoa, axologabekeriaren diskurtsoa eta euskaltzaletasunarena, oso ongi definituta daude. Baita jatorri funtzioa, transmisioarena, erreferentziazkoa, eta mitikoa.

Hauekin guztiekin esparru pribatua eta publikoa nola kokatzen eta banatzen diren azaltzen zaigu, eta ondorio ezin mamitsuagoak ateratzen.

Era berean, batzutan gainditutzat jaso genuen eskema bikun hura: hiria, erdara vs baserria, euskara alegia, uste baino biziago agertzen zaigu hiru ikertzaileen izkribuan.

Erabilpena arazo pertsonalatzat hartzea, euskararen etorkizunarekiko hoztasun zientifikoa agertzea, euskaltzaleen multzoa tribu radical bataiatzea, eta beste mila xehetasunetan, gurean dagoen kinka-giroaren seinale agertzen da gure autore hauen lanean.

Oso azpimarragarria ere, askotan ilunpean utzi ohi delako, euskararen corpusaren jabetzaren garrantzia nabarmen jartzea.

Oso borondate fin eta tinkoa izanik ere, hizkuntza bat ezin daiteke erabil gaitasun eta konfiantza maila minimo batetik behera: Yo ya chapurreo un poco, ni piskat dakit bakarrik, se me ha olvidado, perdona: cómo se dice cenar en euskera, eta abar luze bat, gizarte-gezur ezagun baten ezaugarri tristeak dira.

Artikulugileek ongi diotenez; euskara onez egiten ez dutenak, ez daude unibertso euskaldunean murgilduta (alegia, eta mutuak ez direnez, erdal unibertsoan murgilduta bizi dira).

Ezaguera maila minimo bat behar da erabilpena bultzatu ahal izateko.

Oso aproposak, BAT honetantxe ere, eta Fishmanen iritzaik gogoraziz, etxeari eta inguru hurbilari gaur hizkuntzaren erabilpenean ematen zaien garrantzia. Koadrilen mintza-hizkerak pisu handia du geroari buruz. Eskolaren baitan dena uztea, erokeria litzateke.